Brahim Gali: «Sanchezena hirugarren traizioa izan da; labana bera zauri berean mugitzea izan da» | Mundua | Berria
Galik aitortu du ez zuela espero Espainiako presidenteak jarrera aldatzea: «Zerbait oso larria egon behar du, sekreturen bat, xantaiaren bat, presidentearen beraren nortasunaren edo ingurukoen aurkakoa». Buruzagi sahararrak uste du Espainiako Estatuko herriei dagokiela argitzea zer enigma dagoen bira horren atzean.
KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Ziurrenik, errefuxiatu gune batean bizi den presidente bakarra izango da Brahim Gali (Esmara, Mendebaldeko Sahara, 1949). SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea erbestean bizi da, Tindufen, Aljerian. Auserd wilayan duen adobezko etxe xume eta doian hartu du BERRIA. Oinutsik dago. Lurrean eserita. Ondoan ura, zukua, tea eta datilak dituen mahaitxoa dago. Ramadana da —duela hilabete eman zuen elkarrizketa—, eta iftarraren ostean hasi da hizketan, eguzkia sartu ostean baraua hausteko musulmanek hartzen duten gosariaren ostean. Tarteka errezorako deia entzuten da meskitatik.
Galiren bizitza eta saharar herriaren borrokarena paraleloan doaz. Ezin dira bata bestea gabe ulertu. Fronte Polisarioaren sortzaileetako bat izan zen, lehenengo idazkari nagusia, eta diplomazian bezainbeste aritu da gudu zelaian, frontean. Militar trebearen eta apartaren fama dauka. 1973ko maiatzaren 20ko Al-Khangako borrokaren buruzagi militarra izan zen; Espainiaren kolonialismoaren aurkako lehen ekintza armatua izan zen hura.
Mohamed Sidi Brahim Basiri eta El-Uali Mustafa Saied buruzagi historikoekin batera aritu zen askapen mugimendu nazionalean. 1975eko urriaren 22an, Gali, El-Uali eta Mahfoud Ali Beiba Espainiako Saharako gobernadore Federico Gomez de Salazar jeneralarekin bildu ziren, Espainiako Gobernuko ordezkarien eta sahararren arteko lehen bilera ofizialean. Espainiak Aaiunen etxeratze agindua ezartzean hautsi ziren negoziazioak. Traizioa prest zen: «Marokok eta Mauritaniak ogia balitz bezala banatu zuten Mendebaldeko Sahara».
Hassan II.a erregearekin ere elkartutakoa da. SEADen hainbat kargu izan ditu. Defentsa ministro izan zen, baita Fronte Polisarioaren ordezkaria ere Espainian eta Aljerian. Mohamed Abdelazizen heriotzaren ostean aukeratu zuten berriz ere idazkari nagusi, 2016an, eta iragan urtarrilean egin zen kongresuan berretsi dute hirugarrenez karguan. Guardia zaharreko ordezkaria da.
Zutaz idatzitako hainbat biografia daude sarean. Tartean irakurri daiteke Espainiako Tropa Nomadetako kide izan zinela. Hala izan al zen?
Galdera hori ez dut erantzungo.
Askapen mugimendu nazionalaren ibilbidearen lekuko zuzena izan zara, sortu zenetik gaur egun arte. Oraindik ez da sortu zeneko helburua lortu. Nola ikusten duzu Fronte Polisarioa?
Egoera paregabea da. Orduan hamazazpi lagun baino ez ginen. Gaur egun, armada bat daukagu, armada hitzaren esanahi osoan. Fronte Polisarioak gauza asko erdietsi ditu. Lehenengoa inbasioaren eta gure lurraren banaketaren aurretik izan zen. Orduan, askapen mugimendua sortu genuen klandestinitatean, eta batasun nazionala lortu genuen, urtero ospatzen duguna. Batasun horri esker, saharar askok Fronte Polisarioarekin bat egin zuten. Bigarren lorpena SEAD aldarrikatzea izan zen, Espainiak lurraldea utzi eta egun batera, 1976ko otsailaren 27an. Gaur egun, 84 herrialdek aintzatesten dute. Afrikako Batasunaren sortzaileetako bat izan ginen. Eta, gaur egun, harreman diplomatikoak ditugu Afrikako, Latinoamerikako eta Asiako herrialde askorekin. Europako herrialde gehienetan ere ordezkaritza daukagu. Tamalez, orain arte, Europako herrialde bakar batek ere ez du adorerik izan SEAD aitortzeko, errealitate itzulezina izan arren.