KLANDESTINITATETIK ERBESTERA | Mundua | Berria

BERRIA Fronte Polisarioaren hiru sortzailerekin izan da askapen mugimendu nazionala eratu eta mende erdira. Guardia zaharreko ordezkariak kolonialismoaren eta okupazioaren urteetako erresistentziaz aritu dira. Azken kongresuan aukeratutako ordezkari gazteenek uste dute beti bezain sendo dagoela mugimendua. Atakak eta erronkak izan dituzte hizpide.

Fronte Polisarioko lehen ekintza armatua egin zuten ekintzaileak. Erdian El Uali Mustafa Saied buruzagi historikoa. Bere eskubian Brahim Gali.
Fronte Polisarioko lehen ekintza armatua egin zuten ekintzaileak. Erdian El Uali Mustafa Saied buruzagi historikoa. Bere eskubian Brahim Gali. KRISTINA BERASAIN TRISTAN 
Kristina Berasain Tristan

Kristina Berasain Tristan

Mohamed Lamin Ahmed (Lemsid, 1947) entziklopedia baten modukoa da. Une historikoak astiro aletzen ditu, zehaztasun liluragarriz, pasadizoak tartekatuz eta datak eta lekuak ahaztu gabe. Fronte Polisarioaren sorreran parte hartu zuten hamazazpi sahararretako bat da. Ederki asko akordatzen da klandestinitatean bizi izandako urteez: «Mauritaniak ez zuen babesten gure borroka armatua, baina, ordura arte, gure independentziaren alde agertu zen, eta klandestinoki aritzeko baimena eman zigun; horrexegatik sortu genuen mugimendua Zueraten». 1973. urteko maiatzaren 10a zen. Artean Mendebaldeko Sahara kolonia espainiarra zen.

Laminek Rabuniko egoitzan hartu du BERRIA, preso marokoarrek eraikitako solairu bakarreko eraikin kalamastra batean. Hitz egiten hasi eta berehala aipatu du Francisco Franco Espainiako diktadorea: «Jada Cabo Judy eta Sidi Ifni entregatuak zizkion Marokori; bata 1958an, eta bestea 1969an. Mendebaldeko Sahararekin gauza bera gertatuko ote zen, horixe zen kezka. Basirik [Mohamed Sidi Brahim Basiri] horregatik sortu zuen Sahara Askatzeko Abangoardiako Mugimendua, 1969ko abenduaren 18an».

Fronte Polisarioaren hazia izan zen mugimendu hura. Basiri, haren sortzailea, handik gutxira desagerrarazi zuten. 1970eko ekainaren 17a zen.

Embarka Brahim Bumajrutaren (Aaiun, 1955) hitzetan, saharar herriaren historia aldatu zen egun horretan: «Egun historikoa izan zen. Nik 15 urte baino ez nituen. Lehen aldia zen protesta batean haimak ikusten nituena eta autodeterminazioaren aldeko leloak entzuten nituena. Aaiunen milaka saharar elkartu ginen, tartean emakumeak eta haurrak; melhfak eta darrak genituen soinean. Zemlako Intifada gure aurrenekoa izan zen». Espainiak indarkeriaz erantzun zuen, eta dozenaka saharar atxilotu zituen, tartean Basiri.

Espainiaren maniobra gaizki atera zen. Berez, metropolia izan zen egun horretako manifestaziorako deia egin zuena. Franco diktadoreak ordurako nazioarteko presio handiak zituen lurraldea deskolonizatzeko —NBE Nazio Batuen Erakundeak 1966an eskatu zion erregimenari autodeterminazio erreferenduma antolatzeko—. 1934an tribu nomadetako buruzagiekin, chiuj-ekin, egindako akordioaren harira, batzar tradizional bat eratu zuen 1967an. Yemaa izeneko egituraren bidez, sahararren babesa zuela erakutsi nahi zuen erregimenak, eta ekintza propagandistiko bat antolatu zuen, kolonizazioa zilegi egiteko. Aaiungo Afrika plazan zen hitzordua eta leloa: Sahara Espainiari lotuta egotea nahi dugu. Ordurako, baina, milaka ziren askapen mugimenduarekin bat egin zuten sahararrak, eta protesta alternatiboa egin zuten Zemlan. Legioaren erantzuna bortitza izan zen.

Bumajrutaren senarra izan zen atzeman zuten sahararretako bat: «Dahklako itsasargian izan zuten urtebetez. Askatu zutenean, baldintza bat jarri zioten: Mendebaldeko Saharatik at bizi behar zuen. Orduan, Zueratera joan ginen».

Embarka Brahim Bumajruta eta Ahmed Kaid Salehren etxean eratu zen Fronte Polisarioa. Kongresua 1973ko apirilaren 29an hasi zen. Sahararrak kolonialismoak ezarritako mugetan sakabanatuta bizi ziren, nomadak baitziren, eta adostutako testua kontrastatu egin behar zen zelula guztiekin. «Garai hartan, ez zegoen telefonorik. Epe bat ezarri zen. Mendebaldeko Saharan, Mauritanian, Marokon eta Aljerian zeuden militanteei azkar helarazi behar zitzaien informazio sekretua. El Ualik [El Uali Mustafa Saied] Nouadhiboura laguntzeko eskatu zidan. Burdina garraiatzen duen trenean joan ginen, bagoien barruan. Joatean, beteta zihoan, eta bueltan, hutsik. Oroitzapen ederra daukat bidaia hartaz».

Ekintzaileak, misioa beteta, berriz elkartu ziren etxean. Konstituzioa maiatzaren 10ean onartu zen. Kongresuak 48 ordu iraun zuen. Gau eta egun aritu ziren. Etenik gabe.

Bumajruta tea egiten ari da. Bojador wilayan duen haima ederrean ari da hizketan. Emakume gozoa da, eta begiek distira egiten diote historia kontakizun bat balitz bezala azaltzen duenean. Une historiko horren lekukoa izan zen. «Nire amaginarreba ere han zen, Nayat Lamjad. Egun handia izan zen, nahiz eta ez ginen ohartzen. Gure borrokaren hasiera izan zen, gure iraultzaren hasiera». Bumajrutak argi dauka mugimenduaren iraupenaren gakoa klandestinitatean aritzea izan zela: «Dena egiten zen sekretupean. Bakoitzak bazekien zein zen bere eginkizuna. Etxez etxe ibiltzen ginen, ezkutuan. Senarra eta emaztea mugimenduan egon zitezkeen, baina ez zioten elkarri ezer esaten».

Adar armatua

Fusilarekin askatasuna eskuratuko dugu. Horixe izan zen sorrerako testuaren leloa. Fronte Polisarioa eratzearekin batera, adar armatua eratu zen. Lehen konstituzioak argi adierazten du zein zen xedea: «Erabilitako bake metodo guztiek porrot egin dutela ikusita, fronteak indarkeria iraultzailearen eta borroka armatuaren aldeko hautua egiten du saharar herriak erabateko askatasuna izan dezan».

(…)

KLANDESTINITATETIK ERBESTERA | Mundua | Berria